BILDUMA HIZTEGIA

feminist movement (en)

Alorra: FEMINISMOA



Mugimendu sozial, politiko, filosofiko eta aldarrikatzailea, askotariko emakume-talde, kolektibo, plataforma eta norbanakoek osatua. Emakumeen askatasunaren alde eta emakumeak zapaltzen dituen gizarte-sistema patriarkalaren aurka borrokatzen da.
Mugimendu feministak feminismo guztiak barne hartzen ditu. Halere, unearen eta tokiaren arabera, feminismo desberdinak aurki ditzakegu; hau da, garai eta leku zehatz bateko mugimendu feministak barne hartzen dituen feminismoaren korrontea eta beste garai eta/edo leku batekoak biltzen dituena desberdinak izan daitezke.
Euskal Herriari dagokionez, mugimendu feminista oparoa izan da, eta askotariko taldeak eta antolatzeko moldeak izan ditu. 1970eko eta 1990eko hamarkadetan, feminismoarekin bat egiteko bide nagusiak herri eta auzoetako taldeak eta gai beraren inguruan lan egiten zuten batzordeak biltzen zituzten egitura zabalagoak (asanbladak) izan ziren (Araba, Bizkai eta Gipuzkoako asanbladak eta Nafarroako Koordinadora Feminista). Horrez gain, kolektiboak (lesbianenak, kasu), koordinakundeak (Euskal Herri osokoak zein tokian tokikoak), plataformak (Zaintza Plataforma, Nafarroako Indarkeriaren Kontrako Plataforma edo Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxaren Plataforma) eta emakumeen talde feminista ugari ere egon dira eta daude gaur egun.
Gaur egun, Euskal Herriko Mugimendu Feministak antolatzen ditu feminismoarekin lotutako mobilizazio nagusiak; esate batera, Martxoaren 8an manifestazioak antolatzen ditu Gasteizen, Iruñean, Baionan, Bilbon eta Donostian, baita Euskal Herri osoko herri eta auzo ugaritan ere. Bestalde, Euskal Herriko Bilgune Feministak ere topaketa, jardunaldi eta ekitaldi ugari antolatzen ditu.
Azken urteotan, mugimenduaren ardatz nagusietako bat zainketen inguruko eztabaida da, lan feminizatu prekarioaren eta ordaindu gabeko etxeko lanaren salaketari lotuta. Era berean, azken deialdietan eskuin muturraren gorakadaren eta jarrera atzerakoien aurkako diskurtsoa indartu du, eta emakumeen, trans pertsonen eta lesbianen antolaketa bateratua nabarmendu.


Hiztegi-unitateak